Aurtengo irabazlea IÑIGO LEGORGURU ARREGI izan da.
T(R)O(N)PATUZ
DOINUA: Baneza eta banitu (Unai Agirre)
1
Olinpiaden erdian
finalera, igerian
sartzearen loterian
pozik ez dut aurpegian.
Sailkatu arren, logelan nago
probaren ordutegian
lehiaketara ez naiz azaldu
ta deika dauzkat sendian …
Guztiz urduri aurkitzen naiz gaur
urakanaren begian
nik ezagutzen ez nuen ni bat
utzi baitut agerian. (BIS)
3
Lau urtez behin, normalean
BERRIAko azalean;
garaipenen itzalean
“biba!” ta “gora!”-k kalean.
Garaikurrak ta kopak pilatuz
doaz nire apalean
ta dominekin pasiatzen naiz
hartuz haiek magalean.
“Dena biribil!” diote fan-ek
oihuz, luze-zabalean …
baina biribil irtendakoak
sartu nau espiralean! (BIS)
5
Kate motzeko larrean
garaipenen aparrean
inor ez bada aurrean
kritikatuz, marmarrean.
“Anek lau Keler edan ditu gaur,
denak trago bakarrean!”
“Ikerrek berriz, pare bat kilo
hartu ditu paparrean …”
Taldekideok sarri amaitu
izan dugu liskarrean
elkarren zaintza praktikatzean,
elkar zaindu beharrean. (BIS)
2
Beijing edo Urumean
uren gogortasunean
txikitatik jardunean …
Baina ez nintzen ume han!
Sakrifikatuz, mina gorpuzten
etengabe podiumean
besteek soilik gozatzen zuten
nire ikuskizunean.
Baina gaurkoan, fokuak nigan
iltzatu diren unean
ze erru daukat zuntz haustura bat
izan badut … garunean? (BIS)
4
Literako burukia
izerdi hotzez bustia
negar, malko ta mukia:
“Ni munduaren uzkia!”
Haur-nerabe hark beranduegi
ikusi du eguzkia
izan ninteken errebeldea,
hippya edo punkya …
Hau al da nire buruari gaur
zor diodan errukia?
Uretan bizi joanez galdu
dut nire bizi guztia. (BIS)
6
Instagram-en naiz mitoa:
Eder, ahots eztikoa,
baina neketan itoa
esan berri dut: “Nahikoa!”
Like-otasunen erlijioan
ez naiz denen begikoa
haterrek beti behatz puntekin
zorrozten dute miztoa!
Sare sozialak itxi ditut ta
hau emaitza komikoa:
Orain ezer ez erakustea
dugu pornografikoa. (BIS)
7
Ni berritu hau babesten
krisialdi hau dut ezten
asmo berriak amesten …
ez dakit zenba litezken!
Nigan murgilduz ikasi nahi dut
nire burua berresten
buru-lanetan lanak burutuz
arnasberriturik, hezten.
Eguneroko epikotasun
txiki guztiak goresten
normaltasuna ez dadin izan
betirako salbuespen. (BIS)
8
Barruan nahiko bertigo
sentitzean, ez naiz fido
zalantzek hainbat lan ildo
eskaintzean … ez da giro!
Kontraesanen kudeaketan
saiatuta goxokiro
jada txapeldun ez dut izan nahi,
irabazle naiz egingo!
Gailur berrirantz aldapa behera
joan nahi nuke astiro
top-aren top-a zapaldu gabe
topatu nadin berriro. (BIS)