EKIN, ELKARREKIN
Doinua: Goizean altxatu eta
1
Udazkena, igandea
hegoko haize epela
Bizarainen gora goaz
gure oinetan orbela
bazterrera begiratu
han onddo baten txapela
begiztatu du alabak
eta ez denez tentela
itaundu dit: -Aita, nola
dakizu txarra ez dela?
– Aurrekoengandik ikasi
nuen nik, nola bestela? (Bis)
Ikastolatik kanpora
ere bada ikasgela.
2 –
Bordaxar, Eguzki-Borda
behi, ardi, laborantza
gazte ausartek badute
lur hauetan esperantza.
-Aita, hau ere Altza al da?
Semeak duen zalantza
askotan aipatu diot
hemen dela mugen dantza.
Alabak beste galdera
jakin mina dute antza:
-Nola dakizu non hasten
eta bukatzen den Altza? (Bis)
-Aurrekoei entzutea,
sekretuak hortan datza.
3 –
Birigarro, zapelaitza,
oilagor, zozo, enara,…
sardea, sega, aitzurra,…
iel, arkara, susara,…
Marrus, Lardi, Estibaus,
Eguzkitza, Arriaga,…
hitzok iritsi al ziren
zuen belarrietara?
Handiegia ez al da
galeraren abiada?
bide hau jarraituz nora
iritsiko ote gara? (Bis)
Pentsatze hutsak eman dit
sekulako hotzikara.
4 –
Aita, ikasi zenuen
aitona-amonei entzuten
eta egiten zutena
begi zabalik ikusten
bertso zahar ta berriak
maiz abesten zizkizuten
arin-arin, fandangoak
plazan dantzatzen zituzten,
baina dena bazterrean
zuek joan zarete uzten.
Nola ikasiko dugu
inork ez badu erakusten? (Bis)
Zer izango zen aurrekoek
berdin jokatu bazuten?
5 –
Gauzak honela aukera
bat dugu borrokatzea
disgustu ta lan handien
zurrunbiloan sartzea
bigarren aukera berriz
dugunaz konformatzea
haria eteten utzi
eta etsia hartzea
jaso dugun ondarea
hurrenei ez pasatzea
herri jakintza zaharra
behin betirako galtzea (Bis)
gure esku dago horren
konplize bilakatzea.
6 –
Dena aldatu daiteke
estrategi on batekin
etorkizuna eraiki
gaurko ahaleginarekin
euskara ta historia
bultza hainbat ekintzekin
gazteek jakin dezaten
non dauden eta norekin.
Ez al zen argi geratu
hau dena korrikarekin?
Ekiteko garai da
ea bada, Altza ekin! (Bis)
ekin eta, berriz, ekin
Altzatarrok elkarrekin.